Lagundu orkidea basatien Euskal Herriko banaketa mapa osatzen
Botanika / Hiritar zientzia, Komunikazioa eta dibulgazioa
Ostirala, 2023eko apirilaren 28a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Azkeneko urteetan, Aranzadi Zientzia Elkarteak arrakasta handiko hainbat hiritar zientzia kanpaina jarri ditu martxan, besteak beste: #txiobatputzuan, #txiobatbasoan, #sugebizi eta #lilipa. Aurten ere, Botanika Sailak egitasmo berria abiarazi du. Oraingoan nahiko ezezaguna den landare taldea izango da protagonista, orkideen taldea.
#orkideabila izeneko proiektuak, sare sozialen bitartez, orkidea basatiak ezagutzera eman eta parte hartzaileak botanikari izatera animatzen ditu. Proiektuarekin hiritarren ekarpenei esker Euskal Herriko orkideen banaketa mapa osatu nahi da.
Apirilean hasi dira Euskal Herriko txoko askotan orkideak loratzen eta ondorioz, informazioa biltzeko garaia hastera doa. Horretarako, hurrengo pausuak jarraitu beharko dira:
- Orkidea bat ikustean 2 argazki atera: landarea osotasunean eta lorea gertutik.
- Lekuaren koordenatu geografikoak gorde.
- Twitter bidez argazkiak eta kokapena partekatu #orkideabila traola erabiliz.
Adi! Lorategietako aipuek ez dute balio, ikerketa honen jomuga landare basatiak dira.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailak jasotako datu guztiekin orkideen banaketa mapa sortuko du eta sare sozialetan partekatuko du proiektuaren emaitzen berri emateko.