Quaternary Science Reviews aldizkari ospetsuak Amalda III aztarnategiari buruzko artikulu bat argitaratu du

Historiaurrea / Arkeologia indusketa

Asteazkena, 2024eko maiatzaren 29a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Quaternary Science Reviews aldizkariak Joseba Rios-Garaizar arkeologiako doktore eta Bizkaiko Arkeologia Museoko teknikaria buru dela egin den azterlana argitaratu du. Azterlan horrek datu berriak ematen ditu neandertalek Amalda III haitzuloan (Zestoa) izan zuten bizimoduari buruz. Aztarnategia Erdi Paleolitoko Moustier Klasiko garaikoa da eta 100.000 eta 55.000 urte bitarteko antzinatasuna du.

Diziplina anitzeko azterlana da, eta hainbat erakundetako 14 ikertzailek parte hartu dute, besteak beste, Bizkaiko Arkeologia Museoko, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko, Aranzadi Zientzia Elkarteko, Burgosko Giza Bilakaerari buruzko Zentro Nazionaleko, Euskal Herriko Unibertsitateko, Giza Paleoekologiako eta Gizarte Bilakaerako Kataluniako Institutuko (Tarragona) edo Kantabriako Unibertsitateko ikertzaileek.

Artikulu horretan neandertalen historiari buruzko informazio baliotsua ematen da; izan ere, haitzuloa bi unetan erabili zen, duela 100-90.000 urte, eta duela 65-55.000 urte. Horrez gain, aurkikuntzei buruzko informazioa ere ematen du artikuluak, alde batetik, animali aztarnen ingurukoa, hala nola bisonte, azeri eta oreinena, eta, bestetik, bi okupazio aldi horietan neandertalek egindako tresnena. Ikerketa oso baliagarria izan da neandertalak bizi izan ziren garai hartako klima eta ingurumena aztertzeko. Zestoan, Pagoetako Parke Naturalaren barruan, dauden Amalda I eta Amalda III haitzuloen ikerketa arkeologikoa Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak finantzatzen du, Zestoako Udalarekin batera, 2016tik.

Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatu Goizane Álvarezek aztarnategi honen nazioarteko garrantzia azpimarratu du, “bitxi bat” baita, mundu zientifikoaren arreta erakarri duena, azterlana Quaternary Science Reviews nazioarteko erreferentziazko aldizkari ospesuan argitaratu izanak erakusten duen bezala.

Era berean, adierazi du aztarnategi honek "ikaragarrizko garrantzia" duela, babestu egin behar dugula eta, gainera, gure lurraldeko historiaurreko ondarea zabaltzeko betebeharra dugula. Halaber, eskerrak eman dizkie azken 8 urteetan haitzuloan lanean aritu den taldeko kideei.