Sugeak, ospe txarraren biktimak

Herpetologia

Asteazkena, 2015eko otsailaren 11a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Animalia hauen benetako arriskuari buruz dagoen ezjakintasunari aurre egiteko, Aranzadiko Herpetologia Sailetik suge eta sugegorrien portaeren gizarteratze kanpaina daramate. Narrasti hauekin zuzenean egin daitekeen harremana onuragarria izan daitekeela azpimarratzea dute helburu, gizakiengan sortzen duten kaltea desmitifikatzeko.

Iberiar Penintsulan hamahiru suge espezie bizi dira, eta horien artean ohitura oso desberdineko animaliak daude. Euskal Herrian esaterako, Eskulapio sugeak bizi dira; oso animalia trebea eta gihartsua denez, zuhaitzetan gora eta behera ibiltzeko ohitura dauka. Mendi txangoetako batean horrelako batekin topo eginez gero, behaketa paregabe eta bereziaz gozatu daiteke; izan ere, mehatxatuta dagoen espezie hau ikusteko aukera ez da egunero izaten.

Beste espezie batzuk uretan edo uretatik gertu bizi dira, espezie hauen elikagai nagusiak anfibioak eta arrainak baitira. Talde honen adibide argia da arrantzaleek ondo ezagutzen duten ibai-sugea edota suge biperakara. Pozoitsuak diren Viperak edo sugegorriak imitatzeko gaitasuna duelako jasotzen du izena. Tamalez, espezieak sarritan gizakiaren jazarpen zuzena jasaten du, jendeak sugegorriekin nahasten ditu eta.

Argi izan behar dugu Iberiar Penintsulan soilik sugegorriek dutela pozoia, eta gure espezieen kasuan pozoia ahula dela. Penintsulan 130 bat hozkada ematen dira urtero, eta horietatik soilik %1 suertatzen da hilgarria, eta beti ere erreakzio alergikoa eragiten diolako erasoa jasan duenari. Pozoitsua, beraz, ez da hilgarriaren sinonimo.

Iturria: Itsasondo herri aldizkaria

Azaleko argazkia: Manu Océn