“Zestoa 1936-1959, Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan” izeneko argitalpena aurkeztu da herriko udaletxean
Antropologia / Tokiko memoria historikoa
Astelehena, 2023eko irailaren 25a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Proiektua Zestoako Udalak enkargatu zion Aranzadi Zientzi Elkarteari eta liburuen (bi liburuki) egilea Ione Zuloaga Muxika azkoitiarra da. Lantalde handia ibili da lanean, hala nola, Juantxo Agirre eta Javier Buces (koordinatzaileak) eta Karlos Almorza, Iraitz Arizabaleta, Iñaki Egaña, Francisco Etxeberria, Miren Garcia, Lourdes Herrasti, Marijose Hernández, Rebeca Martínez, Leire Padilla eta Maider Urretabizkaia ikerlari kolaboratzaileak.
Gerra Zibila eta Lehen Frankismoan Zestoako herrian gertatutakoren inguruan ikerketa sakon bat burutzeko lehen urratsak 2020an eman ziren, eta, beraz, hiru urte luzeko lanaren emaitza da argitalpena. Udalaren esanetan, helburua izan da Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan udalerrian eta bizilagunekin gertatukoaren egia ezagutzea modu zientifiko baten bitartez eta horren emaitza biktimen familiarren, bizilagunen eta euskal hiritar guztien eskuetan eskuragai lagatzea. Horrez gain, jasotako informazioarekin, Udalak erreparazio arloan egokiak diren neurriak hartzeko aukera izango du.
Udalaren esanetan argitalpena, “lan ikaragarri baten emaitza” da. Izan ere, hiru urtetan zehar hainbat gauza egin dira, esate baterako: Gerra Zibilean eta lehen frankismoan desagertutako eta errepresaliatuen behin-betiko zerrenda osatzea, bakoitzaren erreferentzia dokumentalarekin. Baita hainbat errepresaliatuenak ere (erbesteratuak, mobilizatuak, gerrako haurrak, konfiskatuak), hustuketa bibliografikoa (idatzita eta argitaratuak dauden liburu eta artikuluen batuketa), hainbat artxibo publiko eta pribatuetan dauden agirien kontsulta, datuen bilketa eta datu base baten osaketa (Euskal Herriko eta Espainiako artxiboak), argazki bilduma osatzea, ahozko testigantzen bilketa eta bideo grabazioak, oroimen bulego baten antolaketa eta zerbitzua…
Azkenik, Udalak azpimarratu du, argitalpen honen bidez, “aspalditik geneukan zorra kitatzen hasteko bidea” irekiko duela eta “gertatutakoa ezagutzea eta ahal den neurrian kaltetuei errekonozimendua ematea” ahalbidetuko duela.