Aranzadik gazte arkeologoen lana babesteko kanpaina abian jarri du
Arkeologia / Arkeologia indusketa
Asteazkena, 2023eko ekainaren 7a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
Baliabide ekonomikoak ezinbestekoak dira arkeologo gazteen lana bultzatu eta Euskal Herriko aztarnategi garrantzitsuenetan ikerketa jarraitzeko.
Webgune baten bitartez, Aranzadik Antzin Aroa ikertzen duten arkeologo gazteak bultzatzeko kanpaina abian jarri du. Bertan, udaran zehar Aranguren Ibarreko ondarea ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko dizkie dohaintza egiten duten pertsona edo erakundeei. Gainera, Euskal Herriko beste aztarnategi batzuetara bisita egiteko aukera ere eskaintzen da webgune honetan.
Tartean, dohaintza egiten duten bisitariek Irulegiko aztarnategian arkeologoen lana ikusteko aukera izango dute.
(Donostia, 2023ko ekainaren 7a). Aranzadi Zientzia Elkarteak udan bakarrik aktiba ditzake bere indusketak Zaldua, Irulegi, Artzi edo Donazaharre bezalako aztarnategi arkeologikoetan. Baina baliabide berriekin, arkeologo gazteen lantaldeak handitu litezke, Elkartearen Antzinaroko ikerketa-lanetan aurrera egiteko.
Arkeologo gazteen lana babestu eta Antzinaroko ikerketetan sakontzeko helburuarekin, Aranzadik webgune bat martxan jarri du dohaintzak eskuratzeko. Honela, Elkarteak pertsona nahiz bestelako erakundeek ekarpena egitera animatzen ditu. Dohaintza egiten dutenei Aranzadiko arkeologoen eskutik Aranguren Ibarreko kultur ondarea ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko dira. Honez gain, eta babesleek hala nahi badute, Euskal Herriko beste aztarnategi batzuetara bisita egiteko aukera ere eskaintzen da.
Udarako indusketak abian dira
Aranzadi Zientzia elkarteak dozenaka indusketa arkeologiko bultzatzen ditu udaran zehar. Horien artean ikusmin handikoak badira, Zalduako erromatar hiria edo Irulegiko Burdin Aroko herrixka esaterako. Mattin Aiestaran arkeologoa eta Irulegiko indusketaren zuzendariaren hitzetan “Irulegiko aztarnategia berezia da. Hemen lan ordu bakoitzak bere fruituak ematen ditu, eta laster aurkikuntza berriak egitea espero dugu. Talde on batekin eta baliabide gehiagorekin ikerketa bizkortu dezakegu”. Aurtengo indusketa kanpaina ekainaren 19tik irailaren 17ra luzatuko da, eta Aiestaranek zuzendutako taldeak Irulegiko Eskuaren tamainako aurkikuntza egiteko esperantza badu. Kanpaina honen lehen egunean, ekainaren 19an, hedabideei deialdi bat egingo zaie Irulegiko lanen aurkezpen ofiziala egiteko.
Horretarako, baliabideak behar dira arkeologo gazteek ikertzen eta industen jarrai dezaten. Euskal Herrian hainbat aztarnategi oso garrantzitsu daude ia industu gabe, eta horien zuzendaritza arkeologikoa Aranzadiko gazte ikerlariek daramate. Oihane Mendizabal arkeologoak Zalduako erromatar hiriaren ikerketa arkeologikoa zuzentzen dut. “Zaldua hiri erromatarrean, nahi den guztia eta gehiago industeko eta aztertzeko dago. Guk eraikin bateko gela gutxi batzuk irekita ur-tanta bat aurkitu dugu itsasoan. Baina oraindik zenbait hektareako hiri osoa dago deskubritzeko” dio Mendizabalek.
Honi guztiari bultzada emateko, ezinbestekoa da Aranzadirentzat gizartearen babesa lortzea, arkeologo gazteek egiten duten lanak iraupena izan dezan hain zuzen ere.
Arkeologo gazteak babesteko wegbunea hemen bisitatu daiteke: https://www.aranzadi.eus/eu/arkeologia-babestu