Aranzadik lankidetza hitzarmena sinatu du Paisaia ELF erakundearekin

Botanika

Astelehena, 2020eko urriaren 19a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Paisaia ELF 2019an sortutako irabazi asmorik gabeko erakundea da, erabilera tradizionalekin lotutako Europako paisaiak kontserbatzea helburu duena. Paisaia mota hau eta horrekin lotutako balio naturalak, sozialak eta kulturalak nabarmen gainbeheran daude kontinente osoan, alde batetik, nekazaritza-jarduerak uzteagatik eta errelebo faltagatik; eta bestetik, errentagarritasun ekonomikoaren bila, nekazaritza jardueren intentsifikazioagatik.

Hitzarmen horren xedea ikerketa zientifikoaren, eta lurralde zaintzaren eta kudeaketaren alorretan lankidetza sustatzea da, eta Europako paisaia kulturalen garrantzia hedatzea, bai ingurumenaren ikuspegitik, bai ikuspegi sozial, historiko eta kulturaletik.

Akordioa gauzatzeko, erabilera tradizionalei lotutako habitatak eta paisaia-unitateak aztertu, kontserbatu, kudeatu eta leheneratzea helburu duten proiektu komunak diseinatu eta sustatuko dira. Ekintza horiek oinarri sozial eta kulturalak ere izango dituzte, eta horretarako, nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera jasangarriek gure ingurunea kontserbatzeko tresna gisa duten garrantzia azpimarratuko da, eta gai horien inguruan herritarrak sentsibilizatzeko eta informazioa zabaltzeko ere lan egingo da.

Lankidetza honen lehen emaitza

Bi erakundeek lankidetza estua izan dute 2019az geroztik, eta 2020ko irailean lankidetza horren ondorioz, Euskal Herriko Unibertsitatean egindako master amaierako lan bat aurkeztu zen: “Fotointerpretación y análisis diacrónico de usos del suelo en el valle de Baztan”. Beatriz Castro Ruizek egindako lan horrek Baztan bailarako paisaian, 1927 eta 2019 artean, izandako aldaketak ebaluatzeko helburua izan du. Horretarako, bi aldietako lurzoruaren erabilerak kartografiatu eta alderatu dira, informazio geografikoko sistemak eta estatistika tresnak erabiliz. Horretarako, kontuan hartu dira erabilera mota bakoitzari lotutako lursailen kopurua eta tamaina, paisaia unitateen dibertsitate indizeak eta landaredi mota bakoitzaren orbainen isolatze maila bezalako parametroak.

Lortutako emaitzek Baztango bailarako paisaiaren egituran eta osaeran aldakuntza nabarmena izan dela erakusten dute. Baserri jarduera tradizionalarekin lotutako unitateak (belardiak, larreak, iratzeak, heskaiak eta laboreak) gutxitu egin dira, baso-unitateen eta sastrakadien mesedetan. Gainera, espero zen bezala, azken 90 urteetan eraikuntza eta azpiegiturak nabarmen ugaritu dira. Datu horiek adierazten dute, Baztangoa, gure inguruan interes paisajistiko handienetako bat duen eremua izanik ere, ez dela paisaia mugiezin bat. Aitzitik, azken mendean oso eraldaketa nabarmena izan du, hein handi batean, aldaketa sozioekonomikoen eta erabilera tradizionalak progresiboki alde batera uztearen ondorioz.

Emaitza horiek lagunduko dute Baztango lurzoruaren erabileren zein paisaiaren bilakaera hobeto ulertzen; eta bertako paisaia kudeatzeko edo lehengoratzeko neurri egokiak zehazten.

Paisaia kulturalak, hala nola Baztanenak, elementu biziak dira, haiek posible egin dituen gizartearekin batera eboluzionatzen dutenak. Gakoa da ahalbidetzea balio naturalen eta paisaia eta kultura elementu tradizionalen kontserbazioa, sozialki eta ingurumenaren ikuspegitik jasangarria izango den jarduera ekonomiko baten bitartez.