"Banaezinak" erakusketa Andoaingo Leitzaran bisitarien etxean dago jada ikusgai
Arkeologia, Botanika, Etnografia, Ornitologia / Dibulgazioa
Osteguna, 2026eko irailaren 17a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
Erakusketa ibiltaria Aranzadi Zientzia Elkarteak ekoitzi du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barnean. Gizakiak naturarekiko duen harremana aztertzen duen erakusketa Andoaingo Leitzaran Bisitarien Etxean (Otita aisialdi gunean) egongo da ikusgai irailaren 16tik 30a arte.
“BANAEZINAK. Natura eta gizakia: historia partekatu bat” erakusketa naturarekin dugun harreman historikoan zentratzen da. Eta gaurtik aurrera Andoaingo Leitzaran Bisitarien Zentroan egongo da ikusgai. Aranzadi Zientzia Elkarteak ekoitzi du erakusketa ibiltaria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barnean. Banaezinak ikusgai egongo da Leitzaran Bisitarien Etxean (Otita), gaurtik hasi eta irailaren 30a arte.
Erakusketa osatzen da material zientifiko ugari duten bitrinekin, eta erakusketaren diskurtsoa indartzen duten material etnografikoarekin. Adibidez, ikusi daitezke Mutrikuko leize batean berreskuratutako bisonte garezur baten erreplika, mikroskopioak, historiaurreko aizkora edo Aranzadi Zientzia Elkartearen Etnografia eta Ondare Bildumako bestelako pieza etnografikoak.
Erakusketaren helburua da, besteak beste, gure ikertzaileen lan zientifikoari balioa ematea; Gipuzkoako natura- eta kultura-ondare aberatsaren bitxikeriak eta balioak nabarmentzea; eta fokua zientzian jartzea, garapenaren funtsezko elementu gisa.
Leitzaranen naturarekin harremanetan
Leitzaran Bisitarien Etxean, Andoaingo Udalaren eskutik, gizakiaren eta naturaren arteko harreman hori gaur egun ere zuzenean ikusteko aukera dago. Oinezko eta bizikletazko bisita gidatuetan edo ferrata bideko bisitan, Leitzaranen paisaia ez ezik, gizakiak ingurune honekin izan duen, eta gaur egun duen, harremana ere ezagutzen da: bertako baliabideen erabilera, mugikortasuna, aisialdia eta naturgunea zaintzeko beharra. Horrela, bisita esperientzia hutsetik harago, gure jarduerek naturarekin duten harremanaz hausnartzeko aukera ere bihurtzen da.
Leitzaran bailarak erakusten digu gizakiaren eta naturaren arteko harremana ez dela iraganeko kontua: gaur egun ere harreman horren parte gara, eta gure jarduerek eragina dute ingurunean. Ezagutzea da harreman horretaz jabetzeko lehen urratsa, eta jabetzea, berriz, natura zaintzeko konpromisoa hartzeko abiapuntua.
-Erakusketa ibiltaria-
BANAEZINAK. Natura eta gizakia: historia partekatu bat
Leitzaran Bisitarien Etxea (Andoain). Irailaren 16tik 30era.
Naturak bizirauteko oinarrizko baliabideak eman dizkigu eta baita espezie gisa gaur egunera arte iristeko aukera ere.
Helburu horrekin, ingurunea eraldatzen hasi ginen, gure beharren arabera. Elikadura, babesa, sinesmenak edo gizarte-antolaketa izan dira natura ustiatzeko arrazoi nagusietako batzuk. Horrela, paisaia zizelkatzen joan gara, eta inguruaren bilakaera baldintzatzen.
Naturarekin sortzen dugun harreman estutik abiatuta, gizakiok ezagutza ekologiko handia garatu dugu, belaunaldiz belaunaldi transmititzen joan garena eta ingurumenaren behaketa zientifikoari esker zabaltzen joan garena. Ezagutza horiek beharrezkoak izan dira gure arbasoen biziraupenerako, eta horregatik iraun dute gaur egun arte.
Banaezinak erakusketak gizakiak Historiaurretik gaur egunera arte naturari lotuta egin duen ibilbideari buruzko hausnarketa izan nahi du. Naturarekin etengabeko harremana duen bidaia, baina, aldi berean, zenbaitetan harengandik urrun edo hari bizkarra emanda egin duguna.
