"Banaezinak" erakusketa Beasainen ikusgai

Arkeologia, Botanika, Etnografia, Ornitologia / Dibulgazioa

Astelehena, 2026eko azaroaren 23a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Erakusketa ibiltaria Aranzadi Zientzia Elkarteak ekoitzi du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barnean. Gizakiak naturarekiko duen harremana aztertzen duen erakusketa, Beasaingo Bonberie aretoan egongo da ikusgai, azaroaren 23tik abenduaren 14 arte astelehenetik iganderarte ikusi ahal izango da, 18:00-20:00 bitartean. Asteburuetan eta jaiegunetan 12:00 – 14:00etara.

BANAEZINAK. Natura eta gizakia: historia partekatu bat erakusketa naturarekin dugun harreman historikoan zentratzen da. Naturak bizirauteko oinarrizko baliabideak eman dizkigu eta baita espezie gisa gaur egunera arte iristeko aukera ere.

Helburu horrekin, ingurunea eraldatzen hasi ginen, gure beharren arabera. Elikadura, babesa, sinesmenak edo gizarte-antolaketa izan dira natura ustiatzeko arrazoi nagusietako batzuk. Horrela, paisaia zizelkatzen joan gara, eta inguruaren bilakaera baldintzatzen.

Naturarekin sortzen dugun harreman estutik abiatuta, gizakiok ezagutza ekologiko handia garatu dugu, belaunaldiz belaunaldi transmititzen joan garena eta ingurumenaren behaketa zientifikoari esker zabaltzen joan garena. Ezagutza horiek beharrezkoak izan dira gure arbasoen biziraupenerako, eta horregatik iraun dute gaur egun arte.

BANAEZINAK erakusketak gizakiak Historiaurretik gaur egunera arte naturari lotuta egin duen ibilbideari buruzko hausnarketa izan nahi du. Naturarekin etengabeko harremana duen bidaia, baina, aldi berean, zenbaitetan harengandik urrun edo hari bizkarra emanda egin duguna.

Erakusketa gaurtik aurrera Bonberie aretoan egongo da ikusgai. Erakusketaren helburuen artean honako hauek daude: gure ikertzaileen lan zientifikoari balioa ematea; Gipuzkoako natura- eta kultura-ondare aberatsaren bitxikeriak eta balioak nabarmentzea; eta fokua zientzian jartzea, garapenaren funtsezko elementu gisa.

Gainera, material zientifiko ugari duten bitrinekin eta erakusketaren diskurtsoa indartzen duten material etnografikoarekin osatzen da erakusketa: adibidez, Mutrikuko leize batean berreskuratutako bisonte garezur baten erreplika, mikroskopioak, historiaurreko aizkora edo Aranzadi Zientzia Elkartearen Etnografia eta Ondare Bildumako bestelako pieza etnografikoak aurkituko ditu bisitariak.