Bidebietako Institutua zenaren eraikinean kokatzen da, Donostiako Bidebieta auzoan. Espazio hau gure ondare etnografiko higikorra bildu, sailkatu eta balioan jartzera bideratuta dago. Espazio ezberdinetan banatuta, Bidebietako Etnografia Laborategiak ondare higikorra garbitu, katalogatu, dokumentatu eta gordetzeko lekua du. Horri esker, praktiketako ikasleak eta boluntarioak gurekin lanean jarduteko espazioa ere bada.
Hori dela eta, ondare higikorra aitzakia hartuta etnografia eta historiaren dibulgazioa bultzatzen dugu bertan.
- Ondare material higikorraren kudeaketa
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailarekin elkarlanean, Gipuzkoako bilduma etnografikoen katalogazioan, sailkapenean, atontzean eta gizarteratzean dihardugu. Honez gaindi, Aranzadiren bilduma propioko kultur ondarearen kudeaketan ere lan egiten dugu.
Bilduma partikularren gainean ere lan egiteko aukera eskaintzen dugu: katalogazioa, sailkapena, dinamizazioa...
-
Objektuen Memoria
Aranzadi Zientzia Elkarteak betidanik izan du gure herriko ondarearekiko konpromezua, hau ikertzen, gordetzen eta zabaltzen. Hori dela eta, bere ibilbidean zehar diziplina zientifiko anitzetako bildumak osatu ditu, bere egoitzan hauek biltzeko espazio egokituak sortuz.
Aranzadik herritarren bilduma pribatuak jasotzeko eta kudeatzeko proiektua jarri du martxan, ondare hori gizarteari zabaltzeko asmoarekin. Arlo honetan etengabeko elkarlanean gaude Gordailuarekin. Gure departamentuek sorturiko ondarearekin lanean jarraitzeaz gain, partikular edo erakundeen dohaintzak jasotzen ditugu, beti ere zientziarekiko eta gure historiarekiko gertutasunetik. Honelako materialik bazenu eta irtenbide bat eman nahiko bazenie, jar zaitez gurekin harremanetan. Gure teknikarien aholkularitza jasoko duzu eta dohaintza prozesuan lagunduko zaituzte. Gainera, dohaintzak entitate berezia badu, funts espezifiko bat sortzen da emailearen izenarekin.
Harremana: bildumak@aranzadi.eus
Etnografia sailean adituak ditugu zuri laguntzeko
Zalantzak argitu eta zure galderei erantzungo diegu.