FLORAPYR: Pirinioetako flora klima aldaketaren aurrean

Botanika

Asteazkena, 2017eko ekainaren 7a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

FLORAPYR, 2016ko uztaila eta 2019ko ekaina bitartean garatuko dena, 2011 eta 2014 urteen artean Aldaketa Klimatikoaren Pirinioetako Behatokiaren gerizpean garaturiko programa baten bigarren fase modura planteatu da. Lehen fasean, Espainiako, Frantziako eta Andorrako kideek Pirinioetako floraren inguruko ia 2 milioi erreferentzia bildu zituzten eta era berean, abian jarri zuten Pirinioetako elurtegien jarraipenerako sarea. Modu honetara klimak eta honen aldaketak garaiera altuko landaredian duen eraginaren adierazleak bilatu nahi ziren. Lan honetan modu aktiboan lagundu zuen Aranzadik.


FLORAPYR proiektuaren helburua Pirinioetako Floraren Atlasaren garapen eta osaketan zein elurtegien jarraipenekin segitzea da, datuen kalitatea eta sendotasuna hobetzeko eta horien zabalkundea ziurtatzeko. Bildutako datuen analisiak kontserbazio arazoak identifikatu eta horiei buruz ohartaraztea posible egingo du (Pirinioetako Floraren Zerrenda Gorria garatuko da); baita klima aldaketari buruzko beste egitura batekin elkartzea (flora alpetarraren jarraipenerako GLORIA proiektuarekin); biztanleria piriniarraren parte-hartzea sustatzea PHENOCLIM programaren bitartez; eta gauzaturiko lanen eta lorturiko emaitzen zabalkundea ziurtatzea. Aranzadiren lana ekintza horiek guztiak Pirinioen hego-mendebaldeko sektorean garatzea izango da.


Proiektuan parte hartuko duten erakundeak honakoak dira: Conservatoire botanique national des Pyrénées et de Midi-Pyrénées (proiektuko liderra), Conservatoire botanique national méditerranéen de Porquerolles, Instituto Botánico de Barcelona (IBB-CSIC), Instituto Pirenaico de Ecología (IPE-CSIC), Aranzadi Zientzia Elkartea, Bazzania S.C. Investigación y Gestión en Biodiversidad eta Universitat de Barcelona (UB). Gainera, maila ezberdinean lagunduko dute Consorci del Museu de Ciències Naturals de Barcelona (CMCNB), Ligue pour la protection des oiseaux (LPO), Office national des Forêts (ONF), Nature Midi-Pyrénées (NMP), Institut d'Estudis Andorrans (IEA-CENMA) eta Pirinioetako Lan Elkarteko Partzuergoa (CTP-OPCC).



FLORAPYR proiektuko arduradunak Bertizaranan egin zen proiektuaren abiatze bileran, 2016 uztaila.


FLORAPYR proiektua OPCCaren beste proiektu batzuekin uztartzen da zeharka. Proiektu hauen guztien helburu komuna da Pirinioetan klimak duen bilakaera eta honek aldagai ezberdinengan duen eragina ulertzea da, modu honetara aldaketa horietara egokitu ahal izateko:


- Climpy, goi-mendiko laku eta zohikaztegietan aldaketa klimatikoak duen eraginaren inguruko proiektua.


- Canopee, Pirinioetako basoetan duen eraginaren ingurukoa.


- Florapyr, Pirinioetako floran duen eraginaren ingurukoa.


Gaur egun, Botanika Saileko kideak FLORAPYR proiektuko kide diren beste ikerketa talde batzuekin batera datu basearen hobekuntza lanetan eta Pirinioetako Floraren Zerrenda Gorriaren osaketa ari dira lanean. Gainera, aste gutxi barru Pirinioetako elurtegietako landarediaren jarraipenerako lanak ere abian jarriko dira. Lortutako emaitza eta aurrerapenen inguruan informazioa eskuragarri egongo da laster!