Biodibertsitate lokalaren kontserbazio, jarraipen eta dibulgazioa
Botanika / Habitaten zein espezieen kontserbazioa eta errestaurazioa
Hondarribia
Hondarribiko naturgune jarrantzitsuak dira Jaitzubiako padurak eta Jaizkibel mendia. Eremu biak Natura 2000 Sarearen barruan daude, bertako biodibertsitatea kontserbatzeko helburuarekin. Hondarribiko udalak Botanika Sailean jarri du bi naturguneetako biodibertsitatearen aldeko proiektuak pentsatzeko eta koordinatzeko ardura.
Horrela, 2011tik hona, jada Jaizkibelgo 275 hektareatan eta Jaitzubiako 28 hektareatan jardun da. Era guztietako ekintzak bulzatu dira bertan: landare exotiko inbaditzaileen erauzketak; hezeguneen, kostako habitat lehortarren eta bertako basoen berreskurapen lanak eta, faunaren zein floraren jarraipenak edota kontserbazio ekintzak. Ekimen guztiak herritarrengana hurbiltzeko dibulgaziorako, kontzientziaziorako eta hezkuntzarako ahaleginak ere egin dira: auzolanak, ibilbide gidatuak, hitzaldiak eta erakusketak antolatu; eta baita hezkuntza arloko hainbat material didaktiko sortu ere.
Itsaso
Itsasoko udalerriak 2019an natur ondarea kontserbatzeko konpromezua hartu zuen eta udalerriko hiru eremutan ekintzak egiten hasi zen. 2020an Kizkitzako ermitaren inguruan dagoen pagadi mugarratua biziberritu da, zuhaitz indartsuenak kimatu, argiuneak sortu eta ateratako egurrarekin pilaketak eginda.
Horrela, pago helduak indartu eta gazteei hazteko aukera eman zaie. Alegi auzoan, aldiz, haltzadia indartzea erabaki zen. Bertako landare inbaditzaileak identifikatu, erauzi eta haltzak landatu dira Santa Lutzi errekaren ertzean. Azkenik, herrian hainbat landaketa atera dira arraseko mozketak eginda eta unea probestu da San Lorentzoko ermitaren inguruan lurrak erosi eta landaketak egiteko. Baso naturala sortzea helburu, hariztietako 3.365 landare landatu dira. Ekintza guztien berri emateko hainbat panel eta dibulgazio ibilaldi antolatu dira.
Aizarnazabal
Udalerri bakoitzaren natur balioak kudeatzeko oinarrizko lana da bertako natur balioaren azterketa. Nola zainduko dugu gure lurretan duguna, ez badakigu zer dugun? Ideia honi jarraiki, 2007an urtean Botanika Sailak Oiartzungo lurren natur balioen azterketa abian jarri zuen. Udalerri honi jarraiki, azken hamarkadan hainbat eta hainbat udalerritan aritu da Aranzadi, bertako natur balioak aztertzen, hala nola, Itsasondo, Donostia, Legazpia, Ereñotzu, Mutriku…
Azterketa horien oinarria udalerriko habitaten kartografia da, izan ere, udalerriko habitatak identifikatu eta egoera aztertzeak habitat horien kudeaketarako tresna ezin hobea eskaintzen du. Botanika Sailak Aizarnazabal udalerrian egin du mota horretako azken lana. Lan horrek Aizarnazabalen datozen urteetan ingurumen kudeaketa errazteko lanabesa izateko xedea izan du. Mendiko lanak landaredia, flora mehatxatua eta flora aloktonoa baloratzeko datuak eman ditu eta emaitza horien tratamenduaren bitartez hainbat ondorio lortu ahal izan da. Ondorio horiek landuta, etorkizuneko kudeaketa eta kontserbazio neurriak proposatu dira, zeintzuak hein handi batean ingurumena babesteko lerro estrategiko baten lehen urratsak izan diren.
Hernani
Proiektua 2015. urtetik dago martxan eta helburu du Hernaniko Kontserbazio Bereziko Eremuen arteko haranetan naturaren kontserbaziorako ekintzak egitea. Proiektu hau, ekimen zabalgo baten parte da berez, non espezie exotiko inbaditzaileak lantzeaz gain, mikrohezegune sare baten kontserbazioan lan egiten den Herpetologia Sailarekin elkarlanean.
Botanika sailak egiten duen lanari esker, Hernaniko Udalak bere lurretan hazten diren landare inbaditzaile exotikoen berri du; kokapena, espezieak eta arriskuak besteak beste. Horrez gain, landare horiek kontrolpean izateko kudeaketa gidatu eta koordinatzen du. Aranzadiko Botanika Sailak urteak daramatza arlo honetan lanean eta hainbat dira ikertutako udalerri eta eskualdeak: Azpeitia, Ordizia, , Beasain, Berriz, Bilbo, Itsaso, Itsasondo, Donostialdea, Debabarrena, Goierri, eta Tolosaldea.
Ereñozu
Gero eta udal gehiago ari dira beren lurretan natura kudeatzeko ekintzak bideratzen. Baina kudeaketa lan horiek egiteko lehentasun irizpideak zehaztea garrantzitsua da.
Izan ere, udalerriaren ahuleziak, indarguneak, mehatxuak eta aukerak jakin eta horien artean lehentasunak zehazteko informazioa beharrezkoa da. Ereñotzun burutu den lanean, babestu beharreko eremuen lehentasunak finkatu eta lursailen erosketa lehentasuna zehaztu da, horretarako Hernaniko udalerrian egindako azterketan bildutako informazio guztia erabilita.