Saila: Botanika

Orkideazain

Orkidea gehienak, eta sarrien ikusi ditugunak jatorria tropikoetan duten arren, gure lurraldean ere makina bat espezie dugu. Maiz, oharkabean pasatzen dira. Hala ere, adi egonez gero beraien edertasunaz goza daiteke. Azken urteetan Donostiako orkideen presentzia nabaritu dute herritarrek. Horregatik, hiritar guztientzako orkideen jarraipen programa jarriko da martxan.

Babeslea:

Ayuntamiento de Donostia Parques y Jardines de Donostia
Abian

Orkidea gehienak, eta sarrien ikusi ditugunak jatorria tropikoetan duten arren, gure lurraldean ere makina bat espezie dugu. Maiz, tamaina txikiko loreak dira eta oharkabean pasatzen dira. Hala ere, adi egonez gero beraien edertasunaz goza dezakegu. Oso familia anitza osatzen dute, bizi-ziklo konplexu eta forma eta eraldaketa askotariko loreekin.

Orchidaceae familiak 20.000 espezie eta 750 genero inguru barneratzen ditu mundu osoan, eta hauetako 22 Euskal Herrian daude. Gure lurraldean topatuko ditugun espezie guztiak lurrean hazten dira eta tuberkuluak garatzen dituzte. Gehienak geofitoak dira, hau da, urteko garai luze bat igarotzen dute lurrazpian eta loraketa garaian baino ezin dira ikusi.

Azken urteetan Donostiako kale batzuetan landare horien presentzia nabaritu dute hainbat herritarrek. Orkideen bueltan hainbat herritar elkartzen hasi zen interes berak bultzatuta eta azkenerako talde bat sortzera ere iritsi ziren: Ophrys taldea. Talde horrek urte osoan zehar orkideen jarraipena egin du hiriko hainbat txokotan eta behin-behineko orkideen zerrenda bat lortu du Donostiarako.

Talde honen helburua orkideo horien dibulgazioa eta babesa izan da. Horretarako Donostiako Parke eta Lorategietako arduradunarekin eta Aranzadi Zientzia Elkarteko botanika sailarekin koordinatu dira, eta udalaren kudeaketa berezitua orkideen presentziara doitzeko ahaleginak egin dira.

Txosten honen bitartez Ophrys taldeak hasitako bidea jasangarri egin nahi da epe luzeko jarraipen programa bat martxan jartzeko. Gainera, programa hori Donostiako hiritar guztiei zabaldu nahi zaie, baita Donostiatik kanpoko edonori ere hainbat konpromezu hartzeko prest badago.

HELBURUA

Aranzadi Zientzia Elkarteak Donostiako Parke eta Lorategi saileko arduradunekin koordinazioan hainbat helburu lortzeko asmoa dute.

  • Hiritarrak gertuko biodibertsitatearen kontzientzia hartzea orkideen bidez.
  • Donostiako udalerrian aurkitu daitezkeen orkidea espezieak identifikatzea.
  • Donostiako orkidea espezieen katalogo osoa egitea.
  • Donostiako parke edo leku bakoitzerako orkidea espezieen inbentarioa egitea.
  • Donostiako leku bakoitzeko espezie aberastasunaren arabera, orkideen jarraipenerako lursailak aukeratzea.
  • Populazio erroldak egitea, haien presentzia zenbatzea eta populazio-dinamika ezagutzea orkideen kontserbazio-egoera ebaluatu ahal izateko.
  • Orkidea populazioen jarraipen fenologikoa egitea, haien bizi-zikloa ezagutzeko.
  • Orkideen mesederako kudeaketarako irizpideak lortzea, orkidea aberastasuna eta kopurua kontuan hartuta.

EGUTEGIA

Parte-hartzaile bakoitzak laginketarako lursail bat eskatu beharko du eta bertan urteko hiru bisita egin beharko ditu:

  • Lehenengo bisita apirilaren 15etik 30era.
  • Bigarren bisita maiatzaren 15etik 31ra.
  • Hirugarren bisita ekainaren 15etik 30era.

Gainera, aukerazko bisitak egin daitezke otsaila, martxoa, apirila, maiatza, ekaina, abuztu eta irailean. Urtarrila amaieran edo otsailaren hasieran Himantoglossum robertianum espeziearen loraketa jarraitu daiteke eta abuztu amaieran edo iraila hasieran bisitaldi bat eginez gero, udazkeneko loraketa daukan Spiranthes spiralis orkidea bilatu daiteke.

JARRAIPEN MATERIALA

Parte-hartzaile bakoitzak hautatutako partzela hiru aldiz bisitatu beharko du goian aipatutako daten tarteen barruan. Aurkitutako espezieak identifikatu beharko ditu, ale kopurua zenbatuta eta hauen egoera fenologikoa adierazita.

Laginketa egun bakoitzerako eskura izan beharreko materiala ondorengoa izango da:

  1. Checklist-a ( Eranskina I)- Laginketa egunean beharrezkoa den material guztia gogoratzeko balio duen dokumentua.
  2. Landa-gida ( Eranskina II) - Orkideen laginketa modu egokian gauzatzeko jarraitu beharreko pausuak azaltzen duen dokumentua.
  3. Landa-fitxa PDF ( Eranskina III) - Lagindutako partzela, data eta topatutako espezieak (ale kopuru eta hauen egoera fenologikoa) apuntatzeko dokumentua.

Material horren bidez, hurrengo pausoak jarraitu beharko dira jarraipen sarea osatzeko:

  1. Laginketa eremura bertaratu
  2. Partzelaren jarraipena osatzeko datuak bildu landa-fitxaren bidez
  3. Argazkiak atera
  4. Zalantzarik izanez gero, laguntza teknikoa eskatu
  5. Datuak igo iNaturalist webgunera (kontua sortzea beharrezkoa da).
    1. Lagungarri duzue iNaturalistera datuak igotzeko protokoloa (IV. Eranskina)

LAGUNTZA TEKNIKOA

Parte-hartzaileek Donostiako Udal Liburutegietan identifikazioarekin lagunduko dien material bibliografikoa mailegatzeko aukera dute. Bestalde, orkideazain-donostia@aranzadi.eus helbidearen bidez koordinatzailearekin zalantzak argitzeko aukera egongo da. Horretarako, beharrezkoa izango da argazkiak bidaltzea identifikazioekin laguntzeko.

Botanika sailean adituak ditugu zuri laguntzeko

Zalantzak argitu eta zure galderei erantzungo diegu.

Ezagutu taldea