#SUGEBIZI bueltan da!

Herpetologia / Hiritar zientzia

Asteartea, 2023eko martxoaren 28a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Sugezaleok: #SUGEBIZI bueltan da!

Beste behin, gogo biziz eta berrikuntzekin ekingo diogu aurten ere herritar zientzia bultzatu, zuek bidalitako suge argazkiak jaso, identifikatu eta zabaltzeko ekimenari!

Hasi gaurtik eta uztaila bitartean, Euskal Herrian aurkitzen dituzuen sugeen argazkiak jasoko ditugu eta horiek hobeto ezagutzeko informazioa emango dugu, duten fama txarra uxatzeko asmoz eta horiekiko errespetua sustatuz.

Egitekoak errazak dira:

  1. Suge bat ikusten duzuenean, asko gerturatu gabe, argazkia atera zoom-a erabiliz.
  2. Lekuaren koordenatu geografikoak apuntatu.
  3. Twitterren bitartez argazkiak eta koordenatuak partekatu #sugebizi traola erabiliz eta @aranzadi aipatuz.

Trukean, bidaltzen dizkiguzuen argazkietako espezieak identifikatzen saiatuko gara. Horretarako, komenigarria da sugearen burua argazkian ikusgarri egotea. Ikusten duzuen edozein sugek balio du, hilda aurkitu baduzue ere!

Aurten berrikuntzak ere baditugu: Euskal Herriko herrietan sugeei buruzko hitzaldiak, eskolentzako tailerrak eta mendiko irteera gidatuak kontratatzeko aukera izango duzue! Beraz, interesa izan ezkero, jarri kontaktuan gurekin. (INFORMAZIOA)

Horrez gain, Ander Izagirrek eginiko sugeei buruzko poster zoragarria ere labetik atera berri da eta salgai dago gure webgunean. Euskal Herriko sugeak identifikatzen ikasteko tresna ezin hobea da! Ez galdu aukera eta erosi!

Gogoratu: Sugeen argazkiak ateratzeko garaian ere, EZ UKITU eta UTZI BAKEAN SUGEAK! Eta noski, errespetatu. EZ HIL SUGERIK! #sugebizi