"Zerua lapurtu dute" liburu ilustratuaren aurkezpena Albaolan
Astronomia / Behaketa astronomikoa
Asteartea, 2025eko urtarrilaren 7a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Katxiporreta pailazoen kooperatibak eta Aranzadi zientzia elkarteak elkarlanean 'Zerua Lapurtu dute!' ipuin disko ilustratua argitaratu dute eta atzo aurkeztu zen Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian. Bertan izan ziren Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta Virginia Garcia Pena 'Birtxi' Aranzadiko astronomia saileko dibulgatzailea. Gainera, proiektuko 3 abestien bideoklipak grabatu zituzten haurrez lagunduta (Altxa burua, Piztu iluna eta Nanoplaneta).
Lasarte-Orian egoitza duen Katxiporreta Kooperatibak 'Zerua lapurtu dute!' haurrei eta familiei zuzenduriko ipuin eta diska ilustratua argitaratu ditu Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean eta hainbat partaiderekin batera. Izan ere, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak protagonista direla, Leire Bilbaok idatzi du ipuina, Karmele Gorroñok ilustratu du, eta Xabier Zabala musikariak abestiak sortu eta moldatu ditu. 17 abestietatik 4 dira berriak, Leire Bilbaoren hitzekin proiektu honetarako espreski sortuak, zehazki 'Altxa burua', 'Nanoplaneta', 'Piztu iluna' eta 'Ipurtargia'. Proiektu pedagogiko honen sustatzailea, berriz, Aranzadi Zientzia elkartea da, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Bai ipuinean eta bai diskoan Birtxi farozainaren pertsonaia izango dute pailazoek bidelagun. Virginia Garciak, astronomia saileko dibulgatzaileak eman dizkio ahotsa eta arima pertsonaia honi.
Ipuin honek argi kutsadura, pantailen erabilera eta natura zaintzearen garrantzia azaleratzea du helburu, modu dinamiko eta erakargarri batean. Ipuin-diskoan material didaktikoa ere aurki daiteke ipuinaren atzealdean txertatu duten QR batean. Katxiporreta eta Aranzadi elkarlanean arduratuko dira webgunea hornitzeaz (https://zerualapurtudute.aranzadi.eus/).
Aranzadiren lan ildoen artean natura eta kulturaren babesa dago. Zerua eremu natural eta ondare kultural bezala aldarrikatzen du elkarteak. Argi kutsaduraren arazoa urteetan ikertua izan da astronomia sailetik eta proiektu hau beste aurrerapausoa da arazo honen gizarteratzean. Belaunaldi berriengana, guraso eta hezitzaileengana jo du oraingoan elkarteak hain ezagunak diren pailazoen laguntzari esker.