Azpeitia eta Hernanik bakoitzak bere plataforma digitala aurkeztu du memoria historikoaren alorrean

2020/09/21

Memoria historikoa.

Hernaniko Udalak, Aranzadi Elkartearekin batera, Hernaniko oroimen historikoa berreskuratzeko ikerketa lanak egin ditu azken urteotan. Motibazio politikoz, Hernanin eta hernaniarren aurka gertatutako giza eskubideen urraketak ikertu eta jaso dituzte: euskal gatazkaren garaia (1960-2018) izan zen lehenengoa, eta ondoren, gerra zibila eta diktaduraren lehen garaia (1936-1945).

Gertuko oroimenaren inguruko ikerketa lanaren emaitza 2019ko urtarrilean aurkeztu zen udalbatzar aretoan. Orduz geroztik, ikerketarekin aurrera jarraitu du Aranzadik eta dokumentazio eta testigantza gehiago eskuratu ditu. Lan hauek irekiak dira, etengabe eguneratzen ari da informazioa. “Datu berriak, artxiboetako dokumentu berriak eta herritarren ekarpenak bildu ditugu”, esan du Javier Buces Aranzadiko ordezkariak eta txostenaren egileak.

Eguneratze lan horiek egin bitartean, Udalak, Aranzadirekin elkarlanean, abiatu zuen gerra zibilean eta diktaduraren lehen urteetan gertatutako giza eskubideen urraketen ikerketa. Fusilatuen gainean eginak zeuden lanak abiapuntu hartuta, Aranzadik ikusi zuen beste errepresaliatu batzuei buruzko informazioan hutsune ugari zeudela. Hala, espetxeratuak, erbesteratuak, araztuak dokumentatzen aritu dir Aranzadiko ikerlariak hilabeteotan.

Oraindik bidean dagoen ikerketa horren emaitzak -oroimen historikoari buruz- eta eguneratu duten gertuko oroimenaren lana biltzen ditu www.hernanioroimena.eus webguneak.

——————

Urtearen hasieran, oroimenaren baitako hainbat egitasmo egiteko asmoa azaldu zuten Aranzadi Zientzia elkarteak eta Azpeitiko Udalak. Osasun larrialdi egoera dela-eta, ordea, aurreikusi bezala behintzat ez dituztela egingo azaldu dute. hala ere, gaurkoan, Azpeitiko oroimenaren ataria aurkeztu dute: azpeitiaoroimena webgunea.

Proiektu horren helburua orain arteko lan guztia bilduko duen atari bat sortzea izan da: “erritarrek ikus eta kontsulta dezaketen atari bat. Orain arteko ikerketa guztiak epeka, liburuetan bildu ditugu Udalak eta Aranzadik eta herritarren artean historia zabaltzeko ariketa bat egin dugu. Baina historia ez da gauza geldi bat. Oraindik ere behar baino gehiago kostatzen zaigu herritarroi gure familietako pasarte gordinenak kontatzea eta azaleratzea. Horregatik oraindik ere kasuak agertzen, argitzen, dokumentuak azaltzen doaz, eta guk gure herriaren memoria osatzen joateko konpromiso osoa dugu. Horregatik, lilburuetatik haratago, egunez egun osatu dezakegun webgunea egin dugu”, adierazi du Nagore Alkorta Alkateak.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net