Lemoatx 1937: Eusko Gudarostearen azken garaipena liburua aurkeztu dute Lemoako Udalak eta Aranzadik

2019/03/14

Liburuak Eusko Gudarostearen pasarterik garrantzitsuenetakoaren ikerketa arkeologiko sakona biltzen du, lehen aldiz metodologia zientifikoaren bitartez dokumentatu eta gizarteratu den kronologia honetako aztarnategia dena.

Azken urteetan Lemoako Udalak abian jarri duen ekimenetako bat izan da gerra zibileko lubakiak ikertzea, berreskuratzea eta balioan jartzea, guduak izan baitziren lubaki horietan eta matxinatutako armadaren aurrerapena oztopatu baitzen Bilbo okupatzera zihoanean.

Horiek gogoan, denboraren iraganak eta naturak pixkanaka ezkutatu duen defentsarako sistema hori nolakoa ote zen galdetzen hasi ginen; izan ere, adituen begietara erresistentziaren orbanak esan diezaiekegun aztarna txiki batzuk baino ez zeuden. Eusko Gudarosteak Lemoatxen eraikitako defentsarako sistema nolakoa izan zen jakiteko, Aranzadi Zientzia Elkartearen gidaritza zientifikoa eta irizpideak jarraitu eta urteetako lana biltzen duen monografiak argia ikusi du.

Lubakiak berreskuratu arkeologiaren bitartez

Lubakien berreskurapenaz gain, Lemoatxeko gudatik gelditu diren lurrazpiko zantzuak oparotasun eta tipologiagatik aberatsak dira: material belikoa (bala-zorroak, fusilak, kartutxoak, kargadoreak, balak, granadak, obusak, morteroak,…); egunerokoan erabilitako tresnak (berokia, txapela, botilak, orraziak, latak, koilarak, platerak, egunkari zatiak,…) eta garrantzitsuena, giza aztarnak, Aranzadiko Antropologia lantaldeak deshobiratu zituen 3 gorpuzkin hain zuzen ere.

Lemoatx gainera gerra zibileko memoria frankistaren mugarria da Euskal Herrian, bertan baja ugari egon baitziren. Honengatik aipagarria da guda-zelaian egindako mausoleoa, santutegi, gurutze eta Via Crucis-a, matxinatuen omenez eraikia. Orain erakundeak gune honen oroimena eraldatu eta biktima guztien memoria-gunea bihurtzen ahaleginduko dira.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net