Zulo beltzak eta Mars 2020 misioa Aranzadiren Astronomia Jardunaldietan

2020/10/07

Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia Sailak luxuzko bi gonbidaturekin egingo ditu bere ohiko astronomia-jardunaldiak

Covid-19ak ez ditu geldiarazi Aranzadi Zientzia Elkartean duela 29 urtetik egiten diren ohiko jardunaldi astronomikoak. Oraingoan, antolatzaileak osasun-neurri berrietara egokituko dira horiek modu presentzialean egin ahal izateko, baina Zoom bidez ere igorriko dituzte modu birtualean jarraitu ahal izateko.

Aurten, astronomiaren munduan azken urteotan gai esanguratsu eta mediatikoenetako biren protagonista izan diren bi euskal ikerlari gonbidatu ditugu: zulo beltzaren lehen argazki ospetsua eta Mars 2020 Misioa izenekoa.

Jardunaldiak urriaren 7an eta 9an egingo dituzte Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitzan (Zorroaga, Donostia) eta Zoom plataformaren bidez ikusi ahal izango dira streaming bidez.

Antxon Alberdi astrofisikari donostiarrak, CSICeko ikerketako irakasleak eta “Andaluziako Astrofisikako Institutuko” (IAA-CSIC) zuzendariak hilaren 7an aurkeztuko du Espazioa-denboraren mugetan: M-87 zulo beltz baten lehen argazkia izenburua duen konferentzia.

Euskal ikerlari hori izan da duela urtebete zulo beltz baten benetako lehen irudia erakutsi zuen nazioarteko proiektuko kide izan den zortzi zientzialarietako bat. Horixe izan zen komunikabide guztietako titularretan agertu zen gertakizun astronomiko interesgarrienetako bat.

2019ko apirilaren 10ean iragarri zuten zulo beltz bateko gertakizunen zeruertzaren inguruko lehen irudia lortu zutela. M87*ren, M87 galaxiaren erdigunean dagoen zulo beltzaren, irudiak igorpeneko eraztun bat erakusten zuen. Eraztunaren hegoaldean distiratsuagoa zen eta erdigunean ilunagoa zen eremua inguratzen zuen. Aipatutako irudia gertakarien zerumugan fotoien kapturak sortutako zulo beltzaren itzalari dagokiona da. Gertakarien zerumugatik gertu gertatzen den espazio-denboraren kurbadura handia dela eta, alde batetik uhinen ibilbidea kurbatzen duen lentearen efektua sortzen da eta, bestetik, fotoiak objektu supermasiboaren inguruan biraka dabiltza eta horrek argi-eraztuna areagotuta ikustea eragiten du. Emaitza hori erabat dator bat Erlatibitate Orokorraren teoriarekin. Emaitza zirraragarria izan da eta beharrezkoa izan da aurrekaririk ez duten erronka teknologikoen bereizmena. Oso oinarri luzeko interferometriaren teknika muga-mugaraino eraman dute, aurkikuntza hori ahalbidetu duen argitasun paregabea emanda.

Urriaren 9an, bestalde, Aranzadin izango da Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Analitikoko katedraduna, Juan Manuel Madariaga.

Eskarmentu handia duen euskal zientzialari hori 2014an sartu zen SuperCam instrumentuaren Zientzia Taldean. Aipatutako tresna NASAk 2020ko uztailean Martera bidali zuen Perseverance roverrean dago instalatuta.

2016an, Rosalind Franklin roverrean instalatuko duten (Exomars misioa) RLS instrumentuaren Zientzia Taldeko lantaldeetako bateko arduradun izendatu zuten. Aipatutako tresna hori Europako Espazio Agentziak (ESA, ingelesez) 2022an bidaliko du Martera.

Marteko gainazalaren azterketa (bio)geokimikoa Mars 2020 misioarekin izango da eskainiko duen hitzaldiaren izenburua.

Hitzaldi horretan, Mars2020ren aurretik egindako misio ugarien bidez Marteren inguruan ikasitakoari buruzko errepasoa egingo da: Viking (1976), Pathfinder (1997), Opportunity‐Spirit (2004) eta Curiosity (2012) misioak. Horiei buruzko xehetasunak eta haietako bakoitzean egindako funtsezko aurkikuntzak azalduko ditu.

Hizketaldiaren ondoren, Mars2020 misioan eta, zehatzago esanda, SuperCam instrumentu multianalitikoan oinarrituko da.

Amaitzeko, orain arte egindako lanari buruzko xehetasunak eman eta 2021. urtetik aurrera jasotako datuak modu kimikoan azaltzeko laborategia nola prestatzen ari diren azalduko du.

Entzule gisa joan nahi izanez gero, derrigorrezkoa da webgune honetan izena ematea: bibe.me. Sarrera doakoa eta nahi duten guztientzat irekia da, baina tokiak mugatuta daude.

 

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net