Gipuzkoako kakalardo eremitaren populazioa galzorian dago

2018/04/23

IUCN Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundearen irizpideak jarraituz, Gipuzkoako kakalardo eremita desagertzeko arriskuan dagoela ondorioztatu du Aranzadiko Entomologia Sailak.

Munibe Natur Zientziak aldizkarian argitaratu dira ikerketaren emaitzak (http://www.aranzadi.eus/fileadmin/docs/Munibe/mcn.2018.66.04.pdf). Artikuluan ikertzaileek Europa mailan mehatxatuta dauden beste espezieen diagnosia egiten da, Gipuzkoako Natura 2000 sarean dauden naturguneetan aurki daitezkeenak, hala nola, kakalardo adarduna (Lucanus cervus),  alpetar adarluzea (Rosalia alpina) edo  Cerambyx cerdo. Gipuzkoako kakalardo eremitaren (Osmoderma eremita) populazio bakarra Aralarren dago, eta 2003az lehen aldiz antzeman zenetik gainbehera esanguratsua nabaritu da bai ale kopuru eta habitataren eremuan. Kakalardo honen larbak zuhaitzen zuloetako lurrustelan bizi ohi dira, bereziki loditasun handia duten zuhaitz zaharretako hutsuneetan.

Argitaratutako ikerketak urteetako datuak batzen ditu eta azken bi hamarkadetan hainbat erakundeek finantzatutako datuetaz hornitzen da. Horietan nabarmenduena LIFE+ NAT/E/000075 proiektu europarra da,  “Osmoderma eremita, Rosalia alpina eta beste koleoptero saproxilikoen habitatak mantentzea eta kontserbatzea Gipuzkoan” izenpean garatu zena, Gipuzkoako Foru Aldundiak koordinatu eta Hazi, Itsasmendikoi, Basoa Fundazioa, Eusko Jaurlaritza eta Aranzadi Zientzia Elkartearen elkarlana izan zuena. Honez gain, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu dituen beste hainbat ikerketetatik ere datuak aprobetxatu dira.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net