#txiobatputzuan erronka: lagundu anfibioen Euskal Herriko banaketa mapa osatzen

2020/10/29

Hiritar zientzia kanpaina berria.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailak herritarrak, sare sozialak eta zientzia lotu nahi dituen proiektu berria jarri du martxan. “Txio bat putzuan” izeneko erronkak, sare sozialetan mugitzen direnengana gerturatu nahi du, eta anfibioen munduan barneratu, modu aktiboan. Euren behaketen bidez zientziarentzat interesgarriak izan daitezkeen ekarpenak egitera animatuz.

Horretarako, Aranzadiko herpetologoek baso-igel gorriaren (Rana temporaria) erruteak hartu dituzte aitzakia moduan. Proiektu honekin, baso-igel gorriaren banaketa mapa berri bat sortu nahi da, jendearen ekarpenak egiteko aukera emanez, eta, era berean, herritarrei espezieari buruzko informazioa emanez.

Urriaren erdialdean hasi dira Euskal Herriko mendi askotan baso-igel gorriak arrautzak erruten. Poltsa lirdingatsu formako arrautza multzoak dira erruteak. Erraz identifikatzeko modukoak, gainera. Hargatik, nahiko modu errazean ikusten dira, eta herritarrei arreta ematen die sarri.

Hori dela eta, proiektua aurrera eraman ahal izateko, twitter eta Instagram sare sozialetan #txiobatputzuan traola sortu da, eta parte hartu nahi duten guztiei erruteen argazkiak bidaltzera animatu nahi zaie, beti ere pausuak hauek emanaz:

-          Baso-igel gorriaren errute bat ikusten dugunean, bi argazki atera behar dira: putzuarena, bere osotasunean, eta errutearena gertutik.

-          Ondoren, putzuaren ubikazioa edo UTM koordenadak hartuko dira, eta herriaren izena jarri.

-          Txio bat idatziko da, bi argazkiak eta ubikazioa jarriaz, eta #txiobatputzuan traolarekin.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailak, sare sozialetan jasotako datuekin baso-igel gorriaren banaketa mapa bat sortuko du, eta sare sozialetan zintzilikatu, jendeak espeziearen distribuzioa ezagutzeko. Era berean, animaliaren fenologia nola aldatzen den ere ikusi ahalko da. Lekuan-lekuan garai ezberdinetan erruten dutela ikusiaz.

Proiektu honekin, herritarrak ingurumenean barneratu nahi dira, eta anfibioen mundua, biologia eta kontserbazio egoera haien artean ezagutarazi.

Hilabete hauetan, beraz, Euskal Herriko puntu ezberdinetan, txio bat putzuan sortuko dugu, zientziaren eta anfibioen dibulgazioan herritarrak bete betean murgiltzeko.

Espezie arrunten garrantzia

Baso-igel gorria espezie arrunta den arren, eta bere banaketa eremua nahiko ezaguna bada ere, oraindik ere hutsune asko gelditzen dira Euskal herriko mapan bete gabe. Izan ere, askotan inguruko espezie arruntenak dira zientziaren arreta gutxien jasotzen dutenak. Horiek, ordea, informazio oso garrantzitsua eman dezakete etorkizunean gerta daitezkeen aldaketei begira: klima aldaketa, habitat suntsipena, biodibertsitate galera… horri, era berean, Europa mailan Habitat arteztaraueko V. Eranskinean babestua dagoen espeziea dela gehitu behar zaio. Horrek guztiak oso interesgarria egiten du espezie honen egoera.

Erruteak ez dira ukitu behar, ezta lekuz mugitu behar ere, eta gutxiago hartu etxera eramateko.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net