Ramón Margalef

(Barcelona 1919 ↔ Barcelona 2004)

Ekologiaren azterketaren aitzindari, 1967an Espainiako Estatuko diziplina zientifiko horren lehendabiziko katedra irabazi zuen. Hogeita hamar urtean, bere espezialitateko munduko erreferente izan zen.

Librea, independentea eta autodidakta. Haren ibilbidean zehar ondoko baliabideak funtsezkoak izan zituen: zorroztasun zientifiko handia, irudimen harrigarria, eta arazo edo egoera baten gaineko ikuspegia aldatzeko edo ikuspen-ildo berriak irekitzeko ahalmena.  Historia naturalari buruz zituen ezaupide zabalengatik jendea harrituta uzten zuen.

Ekologoa, biologoa edo zientzialaria baino gehiago, naturalista zela esaten zion mundu guztiari. Garai hartan arlo akademikoan eta kazetaritzan nahiko gutxietsita zegoen hitzaren duintasuna berreskuratu zuen.

Aurrerago Aranzadi Zientzia Elkartea sortaraziko zuen hazia 1946ko abuztuan hozitu zen, Ramon Margalefek –Kataluniako beste naturalista batzuekin batera– gurera egindako bisitaldiaren ondorioz. Izan ere, harremanetan jarri zen Aralarko Adiskideak taldearekin; eta talde horretan, besteak beste, Jesus Elosegui eta Manuel Laborde nabarmendu ziren euren gogo-berotasunagatik. Haiekin, eta talde horretako beste hainbat lagunekin, Kataluniako naturalistek hamabi egun igaro zituzten Igaratzako aterpean, landa-lan batzuk egiteko.

Tolosako Zumardik antolatutako Izadiko Jardunaldiak zirela eta, ibaien kudeaketari eta etorkizunari buruzko hitzaldi bat ematera gonbidatu zuen 1993an. Beste bisitaldi batean, berriz ere Zumardik gonbidatuta, Aranzadik omenaldi bat egin nahi izan zion. Muniberako egindako hitzaldia argitaratu zituen azkenetako bat izan zen eta hitzaldi horretan ederki islaturik dago bizitza osoan jarraiki zitzaion obsesioa: gizakiak paisaiaren topologian eragindako inbertsio handiak izango duen garrantzi izugarria.
Indibidualista eta heterodoxoa, azken uneraino jokatu zuen basamortuan aldarrika diharduen ekologista zorrotzaren modura.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net