Telesforo Aranzadi

(Bergara 1860 ↔ Barcelona 1945)

Farmazia eta Natur Zientzietako doktorea, marrazkigile zientifikoa, Granadako Unibertsitateko Farmazia Fakultatearen Mineralogia eta Zoologia katedraduna, Bartzelonako Unibertsitateko Farmazia Fakultatearen Botanika Deskriptiboko katedraduna, Bartzelonako Unibertsitateko Antropologia katedraduna.

Hainbat erakunde zientifikotako kide, bazkide eta akademikoa, kongresu ugaritan parte hartu zuen.

Ikerketa-lanean gogotsu aritu zen Antropologia eta Natur Zientzien askotariko arloetan, eta bere etnografia-lanak bere ikerlanekin batera egin zituen. Kultura materialaren edo landa-teknologiako elementuen azterketa sartu zuen, eta bere ahalegin eta denboraren zati bat botanika eta zoologiari eman zion.

Bere lehen lan botanikoak (Setas y hongos del País Vasco) herrialdeko landaredia du ardatz. Jose Miguel de Barandiaran eta Gasteizen jaiotako eta Oviedoko katedradun Enrique Eguren irakaslearekin batera, indusketak eta ikerketak egin zituen Gipuzkoa aldeko Aralarreko trikuharrietan. Hartara, Aranzadi – Barandiaran – Eguren historiaurrearen ikertaldea eratu zen eta, hurrengo hogei urtean, hondeaketa, indusketa eta ikerketa ugari burutu zituzten 36ko gerrak sakabanatu zituen arte.

Haien idatzizko ekoizpena liburuen, artikuluen eta beste argitalpenen artean hirurehundik gorako kopurua gainditzen du.

1985eko abenduan, “Telesforo de Aranzadiren Omenezko Astea” ospatu genuen Bergaran eta, han, ikertzaile bergarar omentsu honen nortasun eta lanari buruzko hitzaldi-sorta bat eskaini genuen. Astea Jose Miguel de Barandiaran buru izandako ekitaldi batez amaitu zen eta, bertan, Angel Goicoetxea Marcaidak idatzitako eta Aranzadi ZEk argitaratutako Telesforo de Aranzadi. Vida y obra liburua ere aurkeztu genuen.

Gizon handia eta bere ekarpen ahaztezinak gogoan, Natur Zientzien Taldearen (hala deitzen baitzen elkartea hasieran) sortzaileek Aranzadi aukeratu zuten izendapenerako.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net