Aranzadi Zientzia Elkarteak gerrako materiala duen lubaki bat induskatu du Saseta defentsa-sisteman

2021/07/15

Uda honetan Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo gazte talde batek ikerketa arkeologikoen kanpaina egin du Saseta defentsa-sisteman lubakiak aurkitzeko. 1936. urtean Gipuzkoa altxamendu militarraren aurka defenditzeko helburuz sortutako sistema da.

Azken urteetan gazte boluntarioek gauzatu izan dute ikerketa-programa: alde batetik indusketa-lanak egin izan dituzte, eta bestetik, prestakuntza jaso izan dute memoria historikoan eta giza eskubideen alorrean.

2021eko indusketa kanpaina 1936ko abuztuan frente errepublikarrak egindako posizio gotortuaren dokumentazioan eta berreskurapenean ardaztuta dago. Tokiak guda fronte horretan berreskuratutako material kantitate ugariena eman du, eta ikerlariek gudako lehen hilabetetan, Gipuzkoa erdian egon diren euskal fortifikazio eboluzioaren dokumentazioa eta altxatutako tropek  Belkoain mendia hartu eta gero utzitako frontearen adaptazioa ikertu dute.

“Geure esku-hartzeek Gerra Zibileko protagonistek bizi eta sufritu zutena ezagutarazteko balio dute. Aurkitu diren fusileria-elementu ugarik bi bandoen armamentua eta munizio-hornidurarako zituzten zailtasunak erakusten dituzte, eta lubakiek eguneroko bizitzako adierazleak erakusten dituzte, hala nola latak eta arropak”. Azaldu zuen Julien Blancok, proiektuaren arkeologia arduradunak.

Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udalek sustatutako proiektua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren giza eskubideen zuzendaritzak ere lagundu du.

Saseta sistema: lehenengo erresistentzia-tokia antolatua

Kanpaina hau gauzatu den gunea Saseta defentsa-sistema edo erresistentzia-puntu gisa ezagutu zen 1936ko abuztuaren eta irailaren artean. Hain justu, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo zonalde horretan euskal milizianoek tropa frankistei aurre egitea lortu zuten, 1936ko abuztuaren 11n Tolosa haien eskuetan erori ondoren. Lekuaren gaineko memoria historikoa galdu egin bada ere, orain arteko dokumentazioaren arabera ehun biktima inguru eragin zituen konfrontazio handia izan zen bertan.

Sektore horrek egin zuen erresistentziari esker, altxatutako militarrei aurre egitea lortu zen, haiek aurreratzea oztopatuz, eta hala sortu zen Eusko Gudarostea.

Aranzadik bertan egiten duen arkeologia-lana argia da: puntu horiek guztiak dokumentatzen ditu informazio historikoa gal ez dadin, eta ondoren, zonalde horiek geure memoria historikoari dagozkion leku moduan aldarrikatzen ditu.

 

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net