#Sugebizi sugeak maitatu eta errespetatzeko Aranzadik bota duen erronka berria

2021/04/14

#Sugebizi, sugeei buruzko ezagutza eta sentsibilizazioa handitu nahi duen egitasmoa martxan jarri du Aranzadik Twitter sarean. Kanpaina udaberri eta udara bitartean egingo da.

Herritarren parte hartzea ardatz duen egitasmoaren bitartez, historia modernoan zehar gizakiaren partetik jazarpen zuzena jaso duen bizidun talde honen inguruko ezagutza maila areagotzeaz gain, herritarrak kontzientziatzea du xede. XXI. mendean herrialde aurreratu batean onartezinak diren portaera deitoragarriak baztertuz.

Ion Garin, Aranzadiko Herpetologia saileko zuzendariak dion moduan ”Bizidun iheskorrak izan arren, Euskal Herrian 8 suge eta 3 sugegorri espezierekin topo egin dezakegu. Nahiz eta espezie horietako batzuk babestuta egon Nafarroa zein Euskal Autonomia Erkidegoko Espezie Mehatxatuen Zerrendan, euren inguruko ezagutza oso mugatua da eta herritarren parte hartzearen bidez bizidun horien inguruko informazioa lortu nahiko genuke, betiere jarraibide batzuk aintzat hartuz”.

Nola parte hartu?

Edozein herritarrek du #sugebizi proiektuan parte hartzeko aukera. Horretarako, jarraibide erraz batzuei kasu egitea baino ez da behar:

  • (1)  Sugeak ezin izango dira ukitu edota hartu. Are gutxiago hil ingurumen delitu bat gauzatuko litzateke eta.
  • (2)  Suge bat ikusitakoan lehenbizi argazkia ateratzen saiatu behar gara, betiere gutxieneko distantzia bat mantenduz, metro eta erdiko distantziatik argazkiak ateratzea gomendatzen da. Ahal dela sugearen argazkia ahalik eta argien atera beharra dago, horregatik zoom-a erabiltzea lagungarri suerta liteke. Gomendatzen da sugearen atal ezberdinei argazkia ateratzea, puntu ezberdinetatik.
  • (3)  Behin argazkia aterata, lekuaren koordenatu geografikoak edota ubikazioa jaso beharko ditugu, horretarako tresna desberdinak baliatu daitezke; izan mugikorra, GPS-a edota ordenagailuaren bitartez.
  • (4)  Argazkia eta koordenatuak Twitter bidez #sugebizi traola erabiliz partekatuko dira. Horrela, behaketa guztiak bateratu eta erregistratu ahal izango dituzte Aranzadiko ikertzaileek.
  • (5)  Sugea hilik balego, atera argazkiak berdin-berdin. Datua beti izango da interesgarria. Hilik dagoela ikusita, gorputzeko atal ezberdinez gain, sugearen sabelaldearen argazkia ateratzea ere gomendatzen da.

Hiru hilabeteren buruan 100 sugezain lortzeko erronka

#Sugebizi ekimenean parte hartzen duten pertsonak, aurrez adierazitako jarraibideak aintzat hartzen badituzte, #sugezain bilakatuko dira, izan ere bizidun iheskor eta ezezagun hauen inguruko informazioa igortzeaz gain, egun pairatzen duten mehatxu handienetako batetik salbuesten ditugulako. Gizartean kontrako pentsamenduak zabalduak dauden arren, sugeek ingurumenean betetzen duten funtzioa garrantzitsua da. Batetik, gizakiaren hainbat uzta kaltetzen dituzten izurriteen kontrako neurria izan daitezkeelako. Bestetik, gaixotasun emergenteen bektore izan daitezkeen bizidunen kontrol biologikoa egiten dutelako. Garinen hitzetan “pertsonen arteko harremanen esaera batek dio, gorrototik maitasunera urrats bat besterik ez dagoela, baina bilakaera hori sugeekiko dugun pertzepzioan lortzea oso zaila ikusten dugu. Konformatuko ginateke bizidun iheskor bezain liluragarri hauen inguruko portaeran gizarteak aldaketa txiki bat emango balu, gorrototik errespetura”. Eta gogoratzen zuen “suge batekin topatzeko zortea baduzu, zorionekoa sentitu beharko zenuke. Agian hemendik gutxira ezinezkoa izango baita, aurre egin behar dieten mehatxu guztien ondorioz”.

Herritarren parte hartzea ardatz duen egitasmoaren bitartez, historia modernoan zehar gizakiaren partetik jazarpen zuzena jaso duen bizidun talde honen inguruko ezagutza maila areagotzeaz gain, herritarrak kontzientziatzea du xede. XXI. mendean herrialde aurreratu batean onartezinak diren portaera deitoragarriak baztertuz.

Ion Garin, Aranzadiko Herpetologia saileko zuzendariak dion moduan ”Bizidun iheskorrak izan arren, Euskal Herrian 8 suge eta 3 sugegorri espezierekin topo egin dezakegu. Nahiz eta espezie horietako batzuk babestuta egon Nafarroa zein Euskal Autonomia Erkidegoko Espezie Mehatxatuen Zerrendan, euren inguruko ezagutza oso mugatua da eta herritarren parte hartzearen bidez bizidun horien inguruko informazioa lortu nahiko genuke, betiere jarraibide batzuk aintzat hartuz”.

 

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net